ILUNE. Gipuzkoako Emakumeak Gaueko Mugikortasunean

Proiektu hau abiapuntu argi batetik sortu da: gauez hiria bizitzeko esperientzia ez da berdina emakumeentzat eta gizonentzat. Horrenbestez, ezagutza aplikatua sortzea du helburu, errealitate hori hobeto ulertu eta bidezkoagoak, inklusiboagoak eta eraginkorragoak izango diren irtenbideak garatzeko, emakumeen hirirako eskubidea indartuz, bereziki gaueko ordutegietan. ILUNEk ezagutza erabilgarria sortu, eragileak aktibatu eta gaueko mugikortasuna eredu bidezkoago, seguruago eta jasangarriago baterantz eraldatzen lagundu nahi du, beste testuinguru batzuetara ere transferitzeko gaitasuna izango duen ikuspegitik.

Proiektuaren garapena lankidetzazko eta etorkizunera begirako gobernantza-prozesu egituratu batean oinarritzen da. Prozesu horrek entzute-saioak, sorkuntza partekatuko saioak, ebaluazioak eta emaitzen itzulera-saioak barne hartzen ditu, baita ebaluazio ebolutiboak ere (metodologia kualitatiboen bidez), hala nola gaueko ibilbide esploratzaileak (deriba gauak). Horren bidez, emakumeen esperientziak, pertzepzioak eta beharrak jasoko dira, eta lurraldearen testuingurura egokitutako esku-hartze irizpideak eta proposamenak elkarlanean definituko dira.

Proposamena hainbat eragileren arteko aliantza baten bidez egituratzen da: arlo akademikoa (CAVIAR Ikerketa-Taldea), enpresariala (RB3 Innovación Urbana Integrada S.L.) eta instituzionala (OARSOALDEA Garapen Agentzia), gizarte zibil antolatuaren parte-hartze aktiboarekin batera, bereziki kolektibo feministena eta emakume-sareena (Plazandreok eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeen Etxeen Sarea, besteak beste). Egitura horrek diziplina anitzeko, maila anitzeko eta hierarkiarik gabeko ikuspegia bermatzen du, zorroztasun zientifikoa eta emaitzen benetako aplikagarritasuna nahiz ezagutzaren transferentzia uztartuz.

Data: Uztaila 2026 – Iraila 2027

Proiektuaren helburua Gipuzkoako emakumeen gaueko mugikortasuna lantzea da, lankidetzazko eta etorkizunera begirako gobernantzan oinarritutako ikuspegi berritzaile baten bidez, genero-ikuspegia modu transbertsal eta egiturazkoan txertatuz.

ILUNE proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzaren bidez finantzatzen da, Gipuzkoa Taldean 2026: Proiektu Esperimentalak deialdiaren barruan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

RB3 Innovación Urbana Integrada | Oarsaldea